Eskolako hizkuntzaren lanketa ikasle etorri berriekin : harreratik eskolako jardueretara Lehen Hezkuntza (036)

2023/09/15 - 2023/09/29
2023/11/09 - 2023/12/15
30
Euskara
Zehaztu gabe
Fasea Ordu Modalitatea Hastapen Final Ordutegia Asteko egunak
1 25 H - On Line 2023/11/09 2023/12/15
2 5 G - Txostena eta/edo memoria egitea
UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO/EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
Gorka Roman Etxebarrieta; Jon Martin Echeveste; Jurdana Martin Retegi
Tramitatzen
30
On-line

Gaur egungo errealitatea erabat aldatu da hala gizartetan nola eskoletan, globalizazioak ekarri dituen migrazio eta nazioarteko fluxuen ondorioz. Kultura eta hizkuntza aniztasuna eguneroko bizitzan guztiok bizi ditugun fenomenoak dira orain. Halaber, kulturak eta hizkuntzak batera bizitzeak onura ugari ekarri dit, eta, are gehiago, mundua ezagutzeko eta besteen ezaugarri sozialak eta kulturalak errespetatzeko eta balioan jartzeko aukera ere eman digu. Azken hamarkadetako gizarte aldaketa horien isla dira, ondorioz, gure ikastetxetako errealitate anitzak ere. Eskola barruko ikasleria ez da lehengo bloke homogeneoa: geroz eta ikasgela kulturanitz eta eleanitzagoak ditugu, eta horrek hainbatetan erronkak ekartzen dizkie irakasleei, hizkuntzak lantzeko baliabide faltagatik, esate baterako. Eskoletako edukiak doitu behar izaten dituzte maiz, tresna, jarrera eta metodologia berritzaileak bilatuz, are gehiago ikasle etorri berrien kasuan. Horretarako kulturarteko ikuspegia kontuan hartzea lagungarria eta beharrezkoa ikusten dugu; geroz eta hezkuntza eta, ondorioz, gizarte inklusiboago baten xerka gabiltzan honetan. Izan ere, aniztasun horrek denak kudeaketa egokia behar baitu, hezkuntzan oinarritua eta oinarri demokratiko eta justizia soziala erdigunean izanik. 

Ikastaro honetan, beraz, Euskal Herriko sistema elebidunetan irakasteko beharrezkoak diren oinarri teoriko eta metodologikoak landuko ditugu, beti ere, bestelako kultura eta hizkuntzak dituzten ikasleen inklusioari arreta berezia eskainiz. Kritikoki aztertuko ditugu hizkuntzaren zientziek hizkuntzaz eta haren ikaste-irakasteez ekartzen dizkiguten kontzeptualizazio anitzak, eta haietatik eratortzen diren printzipio didaktikoak. Modulotan banatuta egongo den ikastaroak bi alor nagusi landuko ditu: lehenak soziologia eta soziolinguistikatik izango du gehiago; bigarrenak (hizkuntzen eta kulturartekotasunaren) pedagogiatik. Ekologia linguistikoaren eta kulturarteko hezkuntzaren markoak oinarri hartuta, hizkuntza eta kulturaren arteko harremanetan sakonduko dugu. Biodibertsitatea eta hizkuntza aniztasunaren artean dagoen harremanari erreparatuko diogu, gure ikuspuntu hegemoniko edota periferikoez jabetuz. Izan ere, Euskal Herriko testuingurua oso berezia da linguistikoki, hizkuntza erraldoiz inguratutako hizkuntza gutxiagotua dugulako tartean. Horrek hezkuntzan duen eraginaz eta ikasle etorri berriei harrera egokia egiteak hizkuntzan duen garrantziaz ere jardungo dugu. Ikastaroaren helburu nagusia da, behin marko horretan kokatuta, migrazio prozesu baten bidez Euskal Herrira iritsi diren pertsonen (eta, zehazki, ikasleen) zailtasunak identifikatu eta haiei aurre egiteko tresnak eskaintzea. Pertsonen psikologia ezagutu eta hezkuntzaratzea ere ikastaro honetako gakoetako bat izango da. 

Gaitasunak
Ikasleen gaitasunak
  • Hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioa eta komunikazio digitala
Irakaslearen gaitasunak
  • Aditua proposamen didaktikoak ikasleen premia eta aniztasunera doitzeko eta egokitzeko, ikuspegi inklusibotik
Baldintzak
Baldintzak
  • Lehen Hezkuntza irakasleak
Titulazio baldintzak: Ez dago baldintzarik
Titulazio baztertzailearen baldintzak Ez dago baldintzarik
Ikastaroaren egitaraua
Helburuak
Eskoletan hizkuntza indartzeko lanetan ari(tuko) diren irakasleei (HIPI) edota gaian interesa izan dezaketen irakasleei prestakuntza ematea; Eskola inklusiboaren markoan, ikasle kulturanitzen hezkuntza-premiei erantzun bateratua eta eraginkorra ematea; Beste kulturetako ikasleei, gure curriculuma ezagutzen ez duten hizkuntzan ikasteko proposamen egokiak egitea; Euskal Hezkuntza Sistemaz kanpotik lehen hezkuntzara etorri berri diren ikasleen premia linguistikoez jabetzea, kulturartekotasun gakoak kontuan hartuta; Hizkuntza eta edukiak batera lantzeko proposamenak ezagutzea: hizkuntza edukien bitartez, SIOP...
Ikastaroaren edukia

HELBURU ZEHATZAK
Eskoletan hizkuntza indartzeko lanetan ari(tuko) diren irakasleei (HIPI) edota gaian interesa izan dezaketen irakasleei prestakuntza ematea.
Eskola inklusiboaren markoan, ikasle kulturanitzen hezkuntza-premiei erantzun bateratua eta eraginkorra ematea.
Beste kulturetako ikasleei, gure curriculuma ezagutzen ez duten hizkuntzan ikasteko proposamen egokiak egitea.
Euskal Hezkuntza Sistemaz kanpotik lehen hezkuntzara etorri berri diren ikasleen premia linguistikoez jabetzea, kulturartekotasun gakoak kontuan hartuta.
Hizkuntza eta edukiak batera lantzeko proposamenak ezagutzea: hizkuntza edukien bitartez, SIOP...

EDUKIAK

0. MODULUA: AURREZAGUTZA

1 MODULUA: MUNDUKO DESOREKAK
1.1 Mundu ikuskerak: iparra eta hegoa
1.2 Kudeaketa desorekatuak
1.3 Unibertso paraleloak

2. MODULUA. PROZESU MIGRATZAILEAK
2.1 Globalizazioa, mugikortasuna eta ondorioak.
2.2 Prozesu migratzaileak: migrante eta errefuxiatuak munduan, Europan eta Euskal Herrian
2.3 Giza eskubideak eta talkak
2.4 Migrazio politikak: begirada bat Europari, Estatu espainiarrari eta Euskal Herriari
2.5 Harrera (integrala)

3. MODULUA: ANIZTASUNA DA NORMALA
3.1 Nortasunaren eraikuntza eta hizkuntza identitatearen oinarrian.
3.2 Aurreiritziak, estereotipoak eta gizarte bazterkeria.
3.3 Arrazismoa eta homofobia.
3.4 Genero rolak.
3.5 Parekidetasunean heztea.

4. MODULUA: KULTURA
4.1 Hizkuntza, lengoaia eta komunikazioa.
4.2 Zer da kultura? Definizioa eta osagaiak.
4.3 Talde etno-kulturalak eta euren ezaugarri linguistiko eta kulturalak.
4.4 Erlijioak.
4.5 Antzekotasunaren bilaketa.
4.5 Inklusio prozesuak.

5. MODULUA: KULTURARTEKOTASUNAREN KUDEAKETA (EZA)
    5.1 Euskal Herri anitza: hizkuntzen hierarkia eta iritzi publikoa
    5.2 Aniztasunaren kudeaketa: nazioarteko hainbat eredu
    5.3 Integrazioaz eta inklusioaz

6. MODULUA: HIZKUNTZAREN IRAKASPENA PSIKOLOGIA IKUSPEGITIK
    6.1 Besteen azalean jartzea.
    6.2 Motibazioa
    6.3 Antsietatea
    6.4 Autoestimua
    6.5 Ikastetxearen jarrera eta landu beharreko baloreak

7. MODULUA: OINARRIZKO KONTZEPTUAK HIZKUNTZAREN DIDAKTIKAN
7.1 Oinarrizko kontzeptuak eta hausnarketak hizkuntzaren didaktikan
7.2 Enfokeak: eredu linguistiko, psikolinguistiko eta soziolinguistikoak H1, H2 eta atzerriko hizkuntzaren didaktikan.
7.3 Gaztelaniaren eta euskararen ikas-irakaspena.
7.4 Adinaren garrantzia: gaitasunak eta zailtasunak.
7.5 Estrategia berriak: hizkuntzen didaktikarako metodologia berritzaileak, gelako beharrizanen arabera eta eskola-curriculumaren markoan.

8. MODULUA: HIZKUNTZA ANIZTASUNA DBHn
8.1 Egoera eleanitzak eskolaren eta ikasgelaren testuinguruan.
8.2 Hizkuntz-ukipeneko egoerak.
8.3 Eskolako desafioak egoera eleanitzetan.
8.4 Oinarrizko jardunbideak hizkuntza ez ofizialak dituzten ikasleak ikasgeletan integratzeko.

9. MODULUA: EUSKAL HEZKUNTZA SISTEMA PUBLIKOKO PROGRAMAK ETA KOMUNIKAZIO KONPETENTZIAK TESTUINGURU ELEANITZETAN
9.1 Hezkuntza elebiduneko eta eleanitzeko programak, hizkuntz eta kultur aniztasuna duten eskoletan.
9.2 Inguruko errealitate soziolinguistikoaren faktoreak hezkuntza-testuinguruan.
9.3 Komunikazio konpententziak EAEko bi hizkuntza ofozialetan (C5).
9.4 Hizkuntza faktoreak: kohesio-koherentzia, zuzentasuna eta egokitasuna; ahoskera eta idazkera.
9.5 Komunikazio konpetentziaren osagaiak.

10. MODULUA: HIZKUNTZEKIKO JARRERA POSITIBOA
10.1 Aldeko jarrerak sustatzeko estrategiak hizkuntzen, pertsona elebidunen eta irakaskuntza elebidunaren gainean.
10.2 Kulturartekotasun begirada: hizkuntza aniztasuna baloratu eta errespetatzeko inklusio linguistikorako estrategia, metodologia eta praktika onak.

Metodologia

Ikastaro hau online egingo da, beraz, beharrezkoa izango du ikasleak internetera sarbidea duen ordenagailu bat. Honenbestez, erabilitako material guztia digitalizatuko da eta aplikatibo desberdinen bitartez eskainiko zaie ikasleei (Moodle eta Google-sites). 

Informazio guztia moduluka banatuta dago. Ikastaro bakoitzak gai bati heltzen dio, eta aldi berean hurrengotarako oinarrizko jakintza eskainiko du. Ikastaroa, beraz, jakintza progresiboki hartzeko pentsatuta dago eta eduki gehienek ez lukete zentzurik ordena horretan barneratuko ez balira. Horretarako, materiala gradualki desblokeatuko da ikasgaiak izango duen aplikatiboan. Ikasle bakoitzak bere erritmoan lan egin dezan, baina era berean ikastaroaren segida ordenatua izateko, astez aste bina modulo irekiko dira. 

Azalpenak eta ezagutza sendotzeko edo berreskuratzeko irakasleak berak prestaturiko bideo tutorialak eskainiko dira MOOC formatuan. 

Ikasleek emandako materialaren gaineko zalantzak argitu nahi badituzte, irakasleari idazteko aukera izango dute. Hala ere, komunikaziorako kanalik interesgarrienetakoa foroak berak eskainiko duena da. Tresna honen bidez dudak elkarbanatu ahal izango dituzte ikasleek eta elkar elikatu ahal izango dute beraien kasuistika azalduz eta elkarren iradokizunak jasoz. Irakasleek uneoro sustatuko dute elkar-lana foroetan bertan. 

Litekeena da, gainera, ikasle asko ikastarora apuntatu izana beraien klaseetan landuko ditugun kasuetako bat dutelako. Halako kasuak detektatzeko funtzioa izango du 0. moduluak. Kasu horietan, benetako datuetan oinarritutako lan bat planteatuko zaie ikasleei. Beraien klase(t)an kulturarteko aniztasun handirik ez duten kasuetan alegiazko zenbait eredu eskainiko zaizkie adibide zehatzen gainean lan egiteko aukera izan dezaten.

Azkenik, ikastarokoak ez diren eduki osagarrietarako sarbidea ere eskainiko zaie ikasleei beraien kasurako egoki irizten badiote, kontsultatu dezaten.

Ebaluazioa eta eragina

Ikasleek egindako azken lanak bi bertsio izango ditu: lehen bertsioa, originala izango da eta ebaluaketarako kontutan hartuko dena izango da berau; bigarrena, lehenengoaren zuzenketa izango da, argitaratzeko moduan idatzia. Egindako lan guztien konpilazioa egin eta zabaltzeko moduan jarriko da ikasle guztientzat. Etorkizunean beraien eskolatan erabiltzeko aukera edo lankideekin partekatzeko aukera izango dute modu horretan. Amarauna plataforma izan daiteke elkartruke horretarako tresna aproposa eta hori erabiltzera gonbidatuko ditugu ikasleak. Ekintza horren bidez sorkuntza kolektibo bat osatuko dute ikastaroa egiten dutenek.

Baliabideak

EBALUAZIOA

Modulu guztietan banaka edota taldean egin beharreko ariketa zehatzak egongo dira eta horiek ebaluatuak izango dira espreski eratutako errubrika baten bidez. Ariketa horiek, gehienetan, foroetan hausnarketa pertsonal esanguratsuak partekatzea izango dira. 

Horretaz gain, irakurketa eta eztabaida aunitz egongo da kurtsoan zehar azaldutakoa modu egokian barneratu dezaten ikasleek. Ulermena gertatu dela ziurtatzeko, modulu pare bakoitzaren amaieran test bat izango du ikasleak. Modu honetan irakurketa egin dela frogatu nahi da eta irakurketa horri probetxua atera zaiola ziurtatu. Galdetegia osatu orduko jakingo du ikasleak zein akats egin dituen, eta haietatik ikasteko tartea geratuko zaio.

Egindako irakurketen sakontasun mailaren araberako nota pilatzen joango dira ikasleak batetik; eta, bestetik, foroetan hartzen duten protagonismoaren eta haien ekarpenen araberako balorazio bat (kuantitatiboa eta kualitatiboa) eta jasoko da azken baloraziorako. 

Azkenik, kasu azterketa baten aurrean egiten duten proposamena entregatu beharko dute, ikastaroan emandakoa barneratu eta aplikatu dezaketela ziurtatzeko. 

Ataza

Portzentaia

Testak

%50

Foroetan izandako parte-hartzea

%20

Azken lana

%30

Guztira, %60a baino gehiago eskuratu beharko dute ikasleek GAI izendapena lortzeko. Derrigorrezkoak izango dira testen eta azken lanaren entregak. 

Erlazionatutako prestakuntza ekintzak
Inskripzioa: 2023/09/26 - 2023/10/16
Inpartizioa: 2023/10/17 - 2024/05/28
Inskripzioa: 2023/09/15 - 2023/09/29
Inpartizioa: 2023/11/02 - 2023/12/01
Inskripzioa: 2023/09/15 - 2023/09/29
Inpartizioa: 2024/01/22 - 2024/02/23
Inskripzioa: 2023/09/26 - 2023/12/29
Inpartizioa: 2023/10/16 - 2024/05/20