Bigarren Hezkuntzan hizkuntza arloa (euskara/gaztelania) lantzen baliabide digitalen bidez. (039)

2023/09/15 - 2023/09/29
2024/05/07 - 2024/06/17
30
Euskara
-
Fasea Ordu Modalitatea Hastapen Final Ordutegia Asteko egunak
1 25 H - On Line 2024/05/07 2024/06/17
2 5 G - Txostena eta/edo memoria egitea
UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO/EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
Gorka Roman Etxebarrieta
Tramitatzen
30
On-line

Gaur egungo errealitatea bai gizarteetan zein eskoletan erabat aldatu da globalizazioak ekarri duen migrazio eta nazioarteko fluxuen ondorioz. Eskola barruko ikasleria ez da lehengo bloke homogeneoa, eta kulturartekotasuna eta hizkuntza aniztasuna eguneroko bizitzan guztiok bizi dugun fenomenoak dira orain. Kulturak eta hizkuntzak batera bizitzea gauza on ugari ekarri ditu, halaber, mundua ezagutzeko eta besteen ezaugarri sozialak eta kulturalak errespetatzeko eta balioztatzeko balio izan zaigu. Geure ikastetxeetan bizi den egoera berri horri aurre egiteko tresna, jarrera eta metodologia berritzaileak proposatu beharrean aurkitzen gara, are gehiago ikasle etorri berrien kasuan. Ikastaro honetan beraz, Euskal Herriko sistema elebidunetan irakasteko beharrezkoak diren oinarri teoriko eta metodologikoak lantzen dira, beti ere arreta eskainiz bestelako kultura eta hizkuntzak dituzten ikasleen inklusioari.

Aldi berean, ikastaro honek aukera ematen du gogoeta egiteko IKTek, hezkuntza berrikuntza eragile gisa, gizartean eta hezkuntzan duten eraginaz, eta, ikasle eta irakaslearen gaitasun digitalaz. IKTen bitartez ematen diren elkarrekintza, komunikazio eta lankidetza prozesuen inguruko ezagutzak eskaintzen ditu eta baita hezkuntza-praktiketan egiten den IKTen erabilpenaren inguruan ere. Etorkizuneko hiritarren alfabetizazio digitala bermatuko duten pertsonak hezitzea du helburu, hiritar gisa Ezagutzaren Gizartean sartze aktiboa izan dezaten. Testuinguru birtualak hezkuntzaren baliabide eta eszenatoki bezala aurkeztuko dira. IKTekin egiten diren irakaskuntza-jarduera egokien identifikazioa, inplementazioa eta balorazioa egiteko aukera egongo da, beti ere hizkuntzen irakaskuntzara bideratuko dalarik IKTen gaineko ezagutza eta inplementazioa.

Ikastaro honetan kritikoki aztertzen dira hizkuntzaren zientziek hizkuntzaz eta haren ikaste-irakasteez ekartzen dizkiguten kontzeptualizazio desberdinak, eta haietatik eratortzen diren printzipio didaktikoak. Ikasgai honen bidez aztertu nahi dira irakaskuntza elebiduneko programa desberdinak, etxetik eskolara hizkuntza aldaketa dakartenak, eta ezagutu nahi dira horiek aplikatzeko behar diren estrategiak, testuinguru soziolinguistikoak kontuan hartuta.

Gaitasunak
Ikasleen gaitasunak
  • Hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioa eta komunikazio digitala
Irakaslearen gaitasunak
  • Aditua IKTak erabiltzeko eta curriculumean integratzeko
Baldintzak
Baldintzak
  • Bigarren Hezkuntzako irakasleak
Lehentasunezko taldea
  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (1. eta 2.) Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasleak
  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (1. eta 2.) Gaztelania eta Literatura irakasleak
  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (3. eta 4.) eta Batxilergoa Euskara irakasleak
  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (3. eta 4.) eta Batxilergoa Gaztelania irakasleak
  • H.H.Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza Euskara irakasleak
  • H.H.Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza Gaztelania eta Literatura irakasleak
Titulazio baldintzak: Ez dago baldintzarik
Titulazio baztertzailearen baldintzak Ez dago baldintzarik
Ikastaroaren egitaraua
Helburuak
IKTek hezkuntzan eta gizartean duten eragina eta familiako zein eskolako hezkuntzan nola eragiten duten aztertzea eta modu kritikoan txertatzea; IKTen bidez elkarrekintza, komunikazio eta lankidetzako prozesuak ezagutzea, horiek sustatu ahal izateko; Teknologian oinarritutako ikaskuntza-irakaskuntza prozesu berritzaileak planifikatzea, garatzea eta ebaluatzea, hezkuntza-testuinguru formaletan; IKTen bidez hezkuntza-materialak aukeratzen, egiten eta ebaluatzen jakitea, aurrez aurreko irakaskuntzaren eta irakaskuntza birtualaren testuinguruetan; Bizitzan zeharreko ikaskuntza iraunkorraren eta garapen profesionalaren kultura garatzea.
Ikastaroaren edukia

0. Modulua: Aurrezagutza

1. Modulua: Komunikaziorako konpetentziak
1.1. Komunikazio konpetentziak Autonomi Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan.
1.2. Hizkuntza faktoreak: kohesio-koherentzia, zuzentasuna eta egokitasuna, ahozkera eta idazkera.
1.3. Komunikazio konpetentziaren osagaiak.

2. Modulua: Kulturartekotasuna eta hizkuntza
2.1. Inklusioa linguistikorako “Praktika Onak”
2.2. Kultura Aniztasuna Vs Kulturartekotasuna
2.3. “Melting Pot” Kontzeptua eta hizkuntza aniztasuna.

3 Modulua: Oinarrizko kontzeptuak LHko hizkuntzaren didaktikan.
3.1. Eredu linguistiko, psikolinguistiko eta soziolinguistikoak eta hauek hartzen duten oinarria hizkuntzaren didaktikan, egoeretan eta gertakarietan, lehen eta bigarren hizkuntzen didaktikan.
3.2. Oinarrizko kontzeptuak hizkuntzaren didaktikan.
3.3. Hizkuntzaren didaktikarako metodologia berritzaileak, gelako beharrizanen arabera eta eskola-curriculumaren markoan.

4. IKTak: Informazioa
4.1 Informazio digitala identifikatzea, bilatzea, berreskuratzea, metatzea, antolatzea eta aztertzea, garrantziaren eta helburuaren arabera.

5. IKTak: Komunikazioa
5.1. Ingurune digitaletan komunikatzea, online tresnen bidez baliabideak partekatzea, tresna digitalen bidez beste batzuekin konektatu eta lankidetzan jardutea, komunitateetan eta sareetan interakzioan jardutea eta parte hartzea, eta kulturarteko kontzientzia zein ikuspegi globala izatea.

6. Modulua: Euskal Hezkuntza sistema publikoko programak testuinguru eleanitzetan
6.1. Hezkuntza elebiduneko eta eleanitzeko programak, hizkuntz eta kultur aniztasuna duten eskoletan.
6.2. Inguruko errealitate soziolinguistikoaren faktoreak heziketa-testuinguruan.
6.3. Hezkuntza elebiduneko eta ele-anitzeko programak.

7. IKTak: Edukiak sortzea
7.1. Eduki berriak sortu eta editatzea (testuak, irudiak, bideoak, etab.); lehenagoko ezagutzak eta edukiak txertatzea eta berregitea; ekoizpen artistikoak, multimedia edukiak eta programazio informatikoa egitea; jabetza intelektualaren eskubideak eta erabilera-lizentziak aplikatzen jakitea.

8. IKTak: Arazoak bideratzea
8.1. Behar eta baliabide digitalak identifikatzea; bitarteko digital egokia, helburuaren edo beharraren araberakoa, hautatu ahal izateko erabakiak hartzea; arazo kontzeptualak konpontzea bitarteko digitalen bidez; arazo teknikoak konpontzea; teknologia sormenez erabiltzea; norberaren gaitasuna eta besteena egunean jartzea.

Metodologia

Ikastaro hau on-line egingo da, beraz, beharrezkoa izango du ikasleak internetera sarbidea duen ordenagailu bat. Honenbestez, erabilitako material guztia digitalizatuko da eta aplikatibo desberdinen bitartez eskainiko zaie ikasleei (Moodle eta Google-sites). Ikastaroa moduluka banatuta dago eta bakoitzak gai bati heltzen dio, hurrengotarako oinarrizko jakintza eskainiko duelarik. Ikastaroa, beraz, jakintza progresiboki jasotzeko diseinatuta dago eta eduki gehienek ez lukete zentzurik ordena horretan barneratuko ez balira. Horretarako, materiala gradualki desblokeatuko da ikasgaiak izango duen aplikatiboan. Azalpenak eta ezagutza sendotzeko edo berreskuratzeko irakasleak berak prestaturiko bideo tutorialak eskainiko dira MOOC formatuan.

Ikasleek emandako materialaren gaineko zalantzak argitu nahi badituzte, irakasleari idazteko aukera izango dute. Hala ere, komunikaziorako kanalik interesgarrienetako bat foroak berak eskainiko duena da. Etxean bete beharreko ariketekin arazorik sortuko balitz, modu kooperatiboan izango dute aukera galderak elkarbanatu eta erantzuteko, Foro digitalak aukera hori bera eskaintzen baitu. Tresna honen bidez dudak elkarbanatu ahal izango dituzte ikasleek eta elkar elikatu ahal izango dute beraien kasuistika azalduz eta elkarren iradokizunak jasoz. Irakasleek uneoro sustatuko dute elkar-lana foroetan bertan. Litekeena da gainera ikasle asko ikastarora apuntatu izana beraien klaseetan halako kasu bat dutelako. Halako kasuak detektatzeko funtzioa izango du 0. moduluak. Kasu horietan, benetako datuetan oinarritutako lan bat planteatuko zaie ikasleei. Azkenik, ikastarokoak ez diren eduki osagarrietarako sarbidea ere eskainiko zaie ikasleei beraien kasurako egoki irizten badiote, kontsultatu dezaten.

Ebaluazioa eta eragina

Modulu guztietan banaka eta taldean egin beharreko ariketa zehatzak egongo dira eta hauek ebaluatuak izango dira espreski eratutako errubrika baten bidez. Horretaz gainirakurketa eta eztabaida aunitz egongo da kurtsoan zehar azaldutakoa modu egokian barneratu dezaten ikasleek. Jarduera guzti hauek ere ebaluatuak izango dira kurtsoan zehar. Ikastaroa bera amaitzen denean ikasleen azken lan bat entregatu beharko dute, eskoletan emandako hori ondo barneratu dutela ziurtatzeko.

Ikasleek egindako azken lanak bi bertsio izango ditu: Lehen bertsioa, originala izango da eta ebaluaketarako kontutan hartuko dena izango da berau; bigarrena, lehenengoaren zuzenketa izango da, argitaratzeko moduan idatzia. Egindako lan guztien konpilazioa egin eta zabaltzeko moduan jarriko da ikasle guztientzat, Etorkizunean beraien eskolatan erabiltzeko aukera edo lankideekin partekatzeko aukera izango dute modu honetan. Azken ekintza honen bidez sorkuntza kolektibo bat osatuko dute ikastaroa egiten dutenek.

Baliabideak

..

Erlazionatutako prestakuntza ekintzak
Inskripzioa: 2023/09/07 - 2023/09/27
Inpartizioa: 2023/10/09 - 2024/02/02
Inskripzioa: 2023/09/15 - 2023/09/29
Inpartizioa: 2024/01/10 - 2024/02/29
Inskripzioa: 2023/09/07 - 2023/09/27
Inpartizioa: 2023/10/09 - 2024/02/02
Inskripzioa: 2023/09/15 - 2023/09/29
Inpartizioa: 2023/11/02 - 2023/12/15